BIDAIA BAT BIZIPENETIK: Hezkuntza Eraldatzailearen eta Herritartasun Globalaren aldeko Mugimenduaren III. Topaketaren kronika.

Duela gutxi amaitu dugu Hezkuntza Eraldatzailearen eta Herritartasun Globalaren aldeko Mugimenduaren III. Topaketa: Arlo pertsonaletik kolektibora: herritartasun globala eraiki, garapen digitaletik eta sozioemozionaletik. Martxoaren lehen hamabostaldian egindako lau saiotan, tresna pertsonal eta profesionalak garatzeko eta irakasle-gaitasunak hobetzeko bidaia bat egin dute 70 irakaslek baino gehiagok, guztiak ere Mugimenduko erakundeen lau hezitzaile sareetakoak (AlboanEntreculturasIntered eta Oxfam Intermón).

Bidaia berezia izan da, eta elkarrekin aurrez aurre egin ezin izan badugu ere, geure buruarekin eta besteekin konektatzea lortu dugu. Egindako bideari begira, esan dezakegu gozatu egin dugula, bete-betekoa izan dela, eta konpainia oso aberasgarria izan dela. Sareetako irakasleen hitzaldiei eta partekatutako esperientziei esker, ikasgelako egunerokoan erabili ahal izango ditugun hainbat ikaskuntza daramatzagu gurekin.

“Berriz elkar aurkitzea. Nire burua zaintzea, zaintzea da.” Mugimendua aurkeztuz eman genion hasiera topaketari, parte hartzaile guztiei ongi etorri egiteko eta jardunaldietako edukiak Ikastetxe Eraldatzaileen ezaugarrien testuinguruan kokatzeko. Carlos Hernándezen eskutik bizitako motibazio-esperientziak ilusioz eta aurrera egiteko kemenez bete gintuen. Eta horrela ekin genion Selfi bidaiari, Susanarekin eta Helenarekin ariketa batzuk eginez, “Lasaitzeko” bidean lehen pausoak emanez.

“Hatz bat teklan, oin bat eskolan, I. zatia. Arretaz begiratuta, balioa aurkitzen dut.Bidaiaren bigarren pausoak “Erreparatzera” eraman gintuen. Susanarekin eta Helenarekin lanean jarraitu genuen, bizipenetan oinarritutako ariketak eginez, taldean partekatuz eta gure “Bidaiaren egunkarian” oharrak idatziz.

“Hatz bat teklan, oin bat eskolan, II. zatia. Ulertzen badut, erantzuten dut”. Bizipenak finkatuz, bidaiaren hirugarren pausora iritsi ginen: Ulertu. Helenarekin eta Susanarekin jarraitu genuen, autoezagutzaren eta partekatzearen bizipenean aurrerantz, ondoren ikasleekin landu ahal izateko, ikasitakoa praktikan jarriz.

“Ikusi nahi dudan aldaketa. Munduan ikusi nahi dudan aldaketa bihurtzen naizelako”. Eta horrela iritsi ginen bidaiaren amaierara, azken urratsera: Jardun. Lehenik eta behin, Manu Velascorekin izan ginen. Ikasleek beren buruan duten konfiantzaz hitz egin zigun: nola konektatu, zein garrantzitsua den prograMAITATZEA, eta nola purpurina ontziek beti uzten diguten zerbait, geuk ere ikasleengan zerbait uzten dugun bezala. Eta hor ere, amaitzeko, saio bat egin genuen Selfi-ko Helenarekin eta Susanarekin. Bidean ikasitakoak finkatu, eta gure ikasleekiko konpromiso pertsonala harturik jarri genion azkena bidaiari: herritartasun globala eraikitzera hurbiltzen gaituen konpromiso bat.

Zuekin igarotako egun horien ondoren, berriro eskerrak ematea geratzen zaigu soilik: ikasitako guztiarengatik, partekatutako guztiarengatik, eta hezkuntza eraldatzailearekin eta herritartasun globalarekin duzuen konpromisoarengatik.

Sustatzaileak:





Laguntzailea: